Mendi Martxa
Tolosaldeko nafartarrak sustatuta "Euskal Herri osoak Europako Nafar Estatua berreskuratzeko duen zilegitasuna" aldarrikatuko dute Gipuzkoako Ausa-Gaztelun. Aldarrikapen hori egiteko mendi martxa antolatu dute maiatzaren 20an. Larraitzen bildu eta Txindoki aurrean dagoen eta hain ezaguna ez den 904 metroko mendixka igoko dute. Bertako gazteluaren aztarnak bisitatu, Nafarroako bandera ipini eta komunikatu bat irakurriko dute.
Egitaraua
- 10:00 Larraitzeko aparkalekuan.
- Ongi etorria (trikitilariak alaitua)
- 10:30 Ausa-Gaztelura abiatzea.
- 12:00 Tontorrean bildu.
- 12:00 - 12:30: Bandera zutitzea gazteluan.
- Txistu, aurreskua eta Nafarroako Gorteen ereserkia
- Komunikatua irakurtzea
- 13:30 - 14:00 Larraitzen bildu berriro eta Abaltzisketako Zalbide sagardotegira bazkaltzera abiatu.
- Trikitilari, txistulari, bertsolari, eta beste izango dira egunean zehar.
Ausa-Gazteluko gaina leku sinbolikoa da Nafar Estatuaren historian, Erresumaren eki eta mendebaldea lotzen zituen bidexken zaintza-gune hau 1200eko konkistaren ondoren ere nafar instituzio legitimoen esku izan baitzen. Gaztelarren inbasioa baino hamarkada bat lehenago, Nafar erresuma egungo Santanderko Kastroraino zabaltzen zen. Honela adierazten du Britainiar Museoan dagoen 1190eko dokumentuak: "Jakina da Hispania arteko lur guztia Ingalaterrako erregearena dela; Oiarsouna izeneko porturaino zeinak banatzen du Ingalaterrako eta Nafarroako erregeen muga" Iparraldea ingelesen esku zegoen, "Eta Nafarroako erregearen lurra Oiarsouna portuan hasi eta Kastro-raino iristen da, non Nafarroako eta Gaztelako lurrak banatzen diren" (Enrike II.a Plantageneten "Division of kingdons of Navarre and Spain, 1177.eko laudoa).
Hala eta guztiz ere, oroitzapen historikoak erreibindikatzea baino haratagoko helburua du mendi martxa honek. Hain zuzen ere, Europar Batasunean Euskal Herriari nazio moduan eta beronen adierazpide nagusia izan behar duen Nafar Estatuari zor zaion begirunea aldarrikatzea.

Zabaldu
del.icio.us